Gurutz Ansola, euskaltzale eta abertzale eredua

Gurutz Ansolak agur esan digu. Orain dela hilabete batzuk, Donostiako Eusko Alkartasunako Batzorde Eragileak herri honen eraikuntzaren alde hainbeste egin zuen pertsona honi omenaldi xume bat egin zion. Carlos Garaikoetxea lehendakariarekin Gurutzen etxera joan ginenean argi geneukan zein zen bere lana laburbiltzen zuen ideia: Gurutz Ansola, euskaltzale eta abertzaleentzat eredu zen.

Irakurle nekaezina, ikastuna eta konpromiso handiko gizona zen Gurutz eta zinez diogu bera ezagutzeagatik zorte handikoak izan ginela.

Milaka lerro idatz genitzake Gurutzen ibilbideari buruz: Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehen presidentea izan zen, Deustuko Unibertsitatean Irakasle, saiakerak idatzi zituen, euskal kultura eta euskararen alde ere lan egin zuen. Bere konpromiso politikoak Eusko Alkartasunako fundatzaileetako bat izatera eraman zuen –EAren lehen biltzarrean mahaiaren presidente izan zen-.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentetzatik elkarrizketa eta errespetuaren aldeko apustu garbia egin zuen beti, horrela adierazi zuen inbestidura eguneko aurkezpenean: “Asko gara eta gure artean pentsatzeko modu anitz daude. Bakoitzak berea defendatzeko aukera izan behar du. Batzar Nagusi hauetan bakoitzak bere iritziak errespetuz beteriko giro baketsuan defendatzeko aukera izango du. Saia gaitezen guztiok herri honen aldeko lan serioa egiten”.

Zalantzarik gabe, erreferente bat izan zen, eta ondare politiko eta gizatiar handia utzi zuen. Gurutz Ansola gure oroimenean egongo da betiko.

Jabier Estebanez «Gorri»
Donostiako Eusko Alkartasunako koordinatzailea
Batzar Nagusietako batzarkidea
Noticas de Gipuzkoa egunkarian argitaratua

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *