Udalean erregistratu dugun eskutitza (Barrutiak)

Eneko Goia Laso Donostiako alkateari:

 

Barruti Araudiaren garapena:

Ekialdeko Barruti Batzordea aukeratu berri delarik, Barruti Araudi Orokorra aldatzeko geure hobekuntza proposamena luzatu nahi dugu, herritarren parte hartze aukera zabaltzeko asmoz.

Odon Elorzaren (PSE-EE) garaian PPk eskatzen zuen Donostia administratiboki barrutietan bana zedin, nahiz eta ez zuten proposamen zehatzik gauzatu.

Juan Karlos Izagirreren garaian (Bildu) parte hartzerako bide berriak jorratu ziren. “Auzo eta herriek Donostia indartzen dute” kanpainaren helburua herritarrei entzutea izan zen, haiek euren inguruko erabakietan eta ekimenetan parte hartzea izan zezaten.

Agintaldi hartan, 2011n zehazki, EAJk eskatuta eta Bilduk babestuta, Altza barruti bihurtzea aztertzen zuen batzordea osatu zen, PSE-EEren abstentzioarekin eta PPren aurkako bozkarekin. Azken bi alderdion hitzetan, ez zuten ulertzen zergatik ez zen barruti bakarra baino egiten hirian.

2014an PSE-EEk eta PPk hiria lau barrutitan banatzeko ekimena aurkeztu zuten, barruti horietako asko geure ustez arrotzak izanda ere. EAJk osoko zuzenketa egin zuen eta Bilduren antzera Ekialdeko Barrutia sortzea proposatu zuen. Halere, bi proposamenek bazuten alderik, bai herritarren parte hartze bideetan bai barrutiaren mugetan.

EAJk iritzia aldatutakoan, PSE-EE eta PPrekin adostu zuen geure hiria lau barrutitan banatzea.

Hainbat auzo elkartek adierazi zuten aurka zeudela eta Barruti Araudi Orokorrari zuzenketak aurkeztu zizkioten. Halere, aipatu araudiak PSE-EE, PP eta EAJren babesarekin eta Bilduren aurkakoarekin egin zuen aurrera. Eusko Alkartasunaren iritziz onarpen hark ez zituen kontuan hartu donostiarren bizi-eremu naturalak; izan ere, Martutene eta Parte Zaharra bezain auzo ezberdinak eta elkarrekiko urrunak barruti berean sartu zituen.

2011-2015 agintaldian, beraz, Ekialdeko Barrutia abiarazi zen, onarturikoen artean bakarra.

 

 

Gure ustez zernolako banaketa behar dugu?

Eusko Alkartasunaren ustean, herritarrek gertuko sentitu behar dute tokian tokiko administrazioa arazoen aurrean, konponbide bila edota euren egoera azaldu nahian joaten direnetan. Udala auzoetara hurbil dadin aldarrikatu nahi dugu eta tinko egiten diogu uko PSE-EE, PP eta EAJ 2014an oposiziotik onartu zuten barruti ereduari.

Erronka honi ekiteko, auzo bakoitzean dauden azpiegiturak erabilita, auzo orotan udal bulegoak jartzea proposatzen dugu, kudeaketa maila ezberdinak edukita ere. Kultur etxeen eta auzoen barne bizitzaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, tokian tokiko merkataritza barne. Funtsean, auzo biziak nahi ditugu, nork bere elkarte sare anitza osaturik.

Demokrazia alderdi-lehia, bozketak eta udal gobernuaren erabakiak baino gehiago ere bada. Barne hartu behar du, halaber, gizarte zibilaren inplikazioa arlo publikoaren eremuan. Ezin dugu demokrazia irudikatu, ez bada herritarrek euren auzoko edota Donostiako afera eta erabakien gaineko parte hartzearekin.

Parte hartzea betebeharra baino gehiago da eskubidea gauzatzea. Gizarte zibilak Udal Gobernua behar badu ere eguneroko jardunerako, gaitasun ekintzaile, proposatzaile eta antolatzaile propioak behar ditu izan.

Udal Gobernu ona lortuko bada, Gobernu demokratikoa eta bere eskubideak gauzatzen dituen gizartea uztartu beharko dira.

Eusko Alkartasunaren iritziz, aipatu gizarte zibilak, aipatu herritarrek, badute zertan parte hartu zabalik, zehatzenetik hasita (bere inguruko hiri-altzariak kasu) gai sakonagoetara iritsita, denek baitute garrantzia hiritartasunaren garapenean. Eremu asko alda edo hobe litezke demokraziaren bidean sakontzeko, hiritarrekin batera; besteak beste: hiritartasun eta politika arloko heziketa, kontu emate zein eskatzeak, gardentasuna, parte hartzea, eraginkortasuna, legalitatea, partzialtasun-eza.

Herritarren eta hiritartasunaren babesa eta ongizatea helburu duen administrazioa sustatuz gero, ongizate hori bermatuko duen araudiak sortuko eta hobetuko dira, geure hiriaren beharren heinean.

Beraz, Donostiak Udal zalu eta eraginkorragoa behar du, aitzindaria, gardena eta herritarrei irekia, parte hartze kultura sustatuko duena eta kanpora zein barrura begira ondo antolatua, konexiorik gabeko sailak atzean utzita. Horretarako bere sail eta zerbitzuen berrantolaketa beharko luke.

 

Geure proposamena

Barruti Araudi Orokor berria indar politiko guztien iritzia kontuan hartu ez ezik, herritarren parte hartze lan sakon baten ondorio ere izango dena. Lan komun hori gizarte sektoren anitzei irekia izango da, pentsamolde ezberdinekiko errespetuz eta denon artean parre hartze gune horiek babestuz.

Auzoak dira Donostiako bizikidetza eremu jatorrenak eta horiek bihurtu behar ditugu parte hartze eta kale bizitzaren ardatz.

 

 

-DONOSTIAKO BATZORDE ERAGILEA-

 

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *