Apirilaren 12tik 25era, Tejeria eta San Kristobal kaleetan, oinezkoen erabilera lehenesten ari dira. Neurri horren ondorioz, eztabaida piztu da auzoan, eta kalea oinezkoentzat bihurtzearen aldeko eta kontrako iritziak entzun dira.
Egia auzoak irisgarritasun zaila du, malda asko eta handiak, oinezkoentzako oso espazio gutxi ditu, eta auzoko eremu askotan ez da mantentze lan handirik egin. Hori dela eta, hainbat herritarrek eta auzoko elkarte-sarearen zati batek oinezkoentzako espazioak handitzea eskatu dute, eta hainbat proposamen egin dira, bai Donostiako Udalak egindako partaidetza-prozesuetan, bai Eusko Alkartasunak abian jarritako «Nahi Dugun Donostia» partaidetza-prozesuan.
Eusko Alkartasunatik garrantzitsua iruditzen zaigu auzoan proiektu bat aurkeztu aurretik herritarren iritzia ezagutzea. Egia da Egiako auzoak inbertsioak behar dituela, oinezkoen mugikortasuna hobetu behar duela, eta auzoan espazio atseginagoak sortu behar dituela, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta, aldi berean, auzoko ekonomia eta merkataritza bera suspertzeko; baina egia da, halaber, oinezkoen neurri edo proba horren ondorioz, auzotar askok kezka edo ezinegona agertu dutela bi kaleetan aparkalekuak ezabatzeagatik, batez ere lehenengo egunetik falta izan den informazioarekin batera.
Garrantzitsua da hiriko auzoetan mugikortasun jasangarria bultzatu nahi izatea, baina aldaketa horiek guztiak kaltetutako pertsonekin landu behar dira, eta, horrekin batera, donostiarren bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetuko duten espazio horiek irabazi behar dira. Aldaketa garrantzitsu bat proposatzen da, eta iritzi desberdinak jaso behar dira, auzoaren eta hiriaren onura komunean aurrera egiten laguntzeko.
Horregatik, edozein jarrera edo proposamen bat landu aurretik, zuen iritzia jakin nahi dugu Eusko Alkartasunan.
-Prestatu dugun inkesta betetzeko hemen sakatu dezakezu-