Proposizioa Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzeko Zerga Ordenantzari buruz

Eusko Alkartasuna taldeko zinegotzi Ricardo Burutaran Ferrek, Udalbatzaren Organo Araudiko 90. eta 91. artikuluak oinarri, ARAUTZE PROPOSAMEN hau egin dio alkateari, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzeko Zerga Ordenantza dela eta, osoko bilkuran azter dadin.

Zioen adierazpena:

12/1989 Foru Arauak (1989ko uztailaren 5ekoa), Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duenak, honako hau xedatzen du bere 15.2 artikuluan: «Zerga Ordenantzek, aurreko paragrafoetan adierazitako hobarien funtsezko eta formazko alderdiak zehaztu beharko dituzte, bai eta beste zerga onura batzuekiko bateragarritasun baldintzak ere.»

Alde horretatik, aipatutako 15. artikuluko lehen idatz zatiko b) epigrafean xedatutakoaren arabera, Gipuzkoako Tokiko Ogasunak arautzen dituen 11/1989 Foru Arauko (1989ko uztailaren 5ekoa) 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek aldaketa hauek arautu ahalko dituzte: «Zergaren kuota osoaren % 90eko hobaria, familia ugariaren titular diren subjektu pasiboen alde. Zerga Ordenantzak zehaztu beharko ditu honako hauek: eragingo dien ondasun higiezinen maila eta ezaugarriak, iraupena, urteko zenbatekoa eta hobari horren gainerako alderdi funtsezkoak eta formalak, bai eta bestelako zerga onurekin bateragarri izateko baldintzak ere».

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duen Zerga Ordenantzak, bere 12.4 artikuluan, arautzen du aipatutako familia ugarientzako hobaria, eta sailkatzeko bost talde ezarri ditu, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren hobariaren ondorioetarako. Hala ere, badirudi komeni dela sailkapen hori sinplifikatzea eta bi taldetara murriztea, familia Kategoria Orokorrekoa edo Kategoria Berezikoa den kontuan izanik. Horrela, hobaria familia gehiagok jasotzeko aukera izango luke, kuotaren % 50eko hobaria lortzeko hiru eta lau seme-alabakoak edo familia parekideak berdinduko baitira (300 euroko mugarekin); eta bost seme-alaba edo gehiagokoak edo familia parekideak ere bateratuko dira, kuotaren % 90eko hobaria lortzeko (500 euroko mugarekin).

Era berean, Udalak klima aldaketaren eta kutsaduraren aurkako borrokan irmoki engaiatuta jarraitu nahi du eta, horretarako, energia iturri alternatiboak erabil daitezen sustatuko du. Hori dela eta, aipatutako 12/1989 Foru Arauko (1989ko uztailaren 5ekoa) 15. artikuluko lehen idatz zatiko d) epigrafeak esleitzen dizkion eskuduntzen arabera, beharrezko ikusten dugu Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duen Zerga Ordenantzako 12. artikuluaren barruan zazpigarren idatz zatia sortzea. Horrekin, eguzki energiaren ustiaketa termiko edo elektrikorako sistemak instalatu dituzten etxebizitzek hobaria izango lukete, betiere Administrazio eskudunak behar bezala homologatu dituenean kolektoreak.

Horregatik guztiagatik, honako ARAUTZE PROPOSAMEN hau proposatu da, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzeko Zerga Ordenantza dela eta.

1.- Zerga Ordenantza horren 12.4 artikulua aldatzeko proiektua onartzea, testu hau jartzeko:

«12.4. Familia ugariak.

Ondoko ehuneko eta mugei dagokienez, familia ugarien ohiko etxebizitza izatera zuzendutako hiriko ondasun higiezinak, haietako subjektu pasiboek, dagokien tituluaren bidez, familia ugariko titular direla egiaztatzen dutenean.

Hobaria familia ugariaren titular izateko baldintzak mantentzen dituzten zerga-aldietan aplikatuko da, ondoko zenbatekoen eta mugen arabera.

Kategoria orokorra:

Hiru edo lau seme-alabakoak, edo familia parekideak, kuotaren % 50 (muga 300 euro).

Kategoria berezia:

Bost seme-alaba edo gehiagokoak, edo familia parekideak, kuotaren % 50 (muga 500 euro).

Lan egiteko minusbaliotasunen bat duten seme edo alabak bi lagun gisa kontatuko dira, zenbakia zehazteko orduan. Familia Ugariak Babesteko 40/2003 Legearen (2003ko azaroaren 18koa) arabera, ondorio horietarako ezgaitzat joko dira ehuneko 33ko edo gehiagoko minusbaliotasun maila onartuta dutenak; eta lan egiteko ezgaitutzat joko dira ezgaitasun iraunkor osoa edo baliaezintasun handia onartuta dutenak».

2.- Zerga Ordenantza horren 12. artikuluari idatz zati berri bat eranstea, zazpigarrena.

«12.7. Eguzki energia.

Eguzki energiaren ustiapen termiko edo elektrikorako sistemak instalatu dituzten ondasun higiezinek (Eraikuntzako Kode Teknikoak xedatutako legezko betebeharretatik eratorriez gain) kuota osoaren % 50eko hobaria izango dute, betiere instalazio horietako beroa ekoizteko kolektoreak behar bezala homologatu dituenean eskudun Administrazioak».

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *