Nahi dugun mugikortasun eredua

Mugikortasun Jasangarriaren astearen aurrean Donostiako Eusko Alkartasunak bere mugikortasun eredua azaldu du.

 

Nahi dugun mugikortasun eredua

Ibilgailu pribatuak erdigunera sartzea ahalik eta gutxien ahalbidetuko duen hiri jasangarria nahi dugu, baina hala ere, errotaziozko aparkaleku publikoak erdigunean edo haren inguruan daude, eta horrek ibilgailu pribatuak hiriaren bihotzeraino erakartzen ditu. Tarifa egokiak eskaintzen dituzten aparkaleku disuasibo sare baten alde egiten dugu, hobariak, doakotasuna edo baita garraio publikoa erabiltzeko aukera ere eskainiz. Ibilgailuak Donostia erdialdera sartzea saihestuko da baldin eta aparkaleku disuasiboa erabiltzea abantaila bada.

Argi dago hiriak mugikortasunean lehiakortasuna galdu duela eta bisitariek hiriaren erdigunera autoz sartu ahal izateko diseinatua izan dela. Horregatik daude hiriaren erdigunean 11 aparkaleku. Eta guzti horrek Donostiarren mugikortasuna oztopatzen du.

EAtik, Donostiako bizi-kalitatea hobetzeko proposamen desberdinak defendatu ditugu eta, beraz, ondoko lehentasun hauek dituen mugikortasun proposamen iraunkorra babesten dugu:

1-Oinezkoa

Garrantzitsua da espaloiak egoera onean mantentzea, hiriko auzo desberdinen arteko oinezkoen fluxuak eta mugimenduak sortzeko edo mantentzeko, ez bakarrik mugikortasunaren ikuspegitik, baita merkataritzaren onurarako ere, auzoei bizia emanez.

Oinezkoei dagokienez, irisgarritasunean arreta berezia jarri behar da, bereziki mugikortasun urria duten pertsonen irisgarritasun beharretan, edo malda desberdinak gainditu behar diren gure hiriko guneetan. Espaloien maila beheratzeko edo beharrezkoak diren bitartekoak jartzeko konpromisoa hartzen dugu, hiria hiritar guztiek gozatzeko dela sinistuta bai gaude. Honela Irisgarritasun eta Garraio Bertikalerako Planaren egokitzapena sustatzen dugu, ekimenak lehenetsiz eta igogailuen eta eskailera mekanikoen berehalako instalazioa sustatuz.

Oinezkoen mugikortasunaz hitz egiten dugunean, segurtasunaz ere ari gara eta udal eskumena ez izan arren, trenbide-pasaguneak kendu edo oinezkoen zaldainak eraikitzea babesten dugu. Adibide garbi bat orain egiten ari den Okendotegitik Ergobiarako pasabidea da. Era berean Adifi eta Renferi eskatu behar zaio geltoki eta trenetan irisgarritasuna bermatzea.

2-Bizikleta

Garraiobide iraunkorra den heinean, bizikletaren alde egiten dugu (izan bizikleta publikoa nola bizikleta pribatua) eta hirian izan behar duen garrantziarekin bat egiten dugu. Horretarako, oinezkoen eta bizikleta erabiltzaileen segurtasuna ere bermatu behar da, eta horregatik hiriko puntu desberdinak lotzen dituen bidegorri sarearen alde eta oinezko, bizikletari eta gainerako ibilgailuen arteko elkarbizitza eredugarria bideratzen duen hezkuntza sustatzearen alde egiten dugu.

Alokatzeko bizikletari dagokionean, bistan da legealdi honetan ez diotela aurrekoan hasitako urratsei segida eman. Gure aldetik, bandalismoaren aurrean, bizikleta postuen eta bizikleten kontrol handiagoa egitea defendatzen dugu eta gure hirian egin daitezkeen ibilbide desberdinak sustatzeko asmoz, postuen kopurua handitzen jarraitzea ere babesten dugu. Era berean, bidegorrien sarearen diseinu eta exekuzioan urrats sendoak ematen jarraitzea bultzatzen dugu.

Bizikleta pribatua dela eta, ez dago aparkaleku nahikorik hirian. Beraz, bizikleten aparkaleku estalien kopurua handitzeko lanketa serioa egin behar delakoan gaude. Urtean zehar arazo hau larria bada, batez ere ekitaldi bereziak daudenean, zer esanik ez uda sasoian. Orduan hondartzetan eta erdigunean bizikletentzako aparkalekuak ez dira inondik inora ere nahikoak. Arazo honi erantzun eraginkorra emateko plangintzari heltzea guztiz derrigorrezkoa da.

3-Garraio publikoa

Hiriko trafikoa arintzeko, elkarren artean konektatua eta hiriko puntu desberdinetara modu eraginkorrean iristen den kalitatezko garraio publiko sistema baten aldeko apustua egiten dugu. Horrez gain, gure hiriko industrialdetara iristeko lehendik dagoen eskaintza hobetzeko urratsak emateko azterketa zorrotza bultzatzen dugu.

Gure konpromisoa da auzo guztietara zabalduko den garraio publiko sarea, biztanleen ordutegietara egokitutako maiztasuna izango duena, gaueko zerbitzu egokiekin eta elkarren artean ondo uztartzen direnak. EuskoTren eta Renferekin bateragarria izango den autobus zerbitzua, bi trenen arteko lotura hobetuko duen interkanbiadoarekin. Hiriaren ekialde-mendebaldeko lotura hobetuko duena era berean.

4- Motorra

Bistakoa da moto batek autoa baino aparkatzeko leku gutxiago behar duela eta zirkulazio arazoak eta ilarak murrizten laguntzen duela. Udaro TAO motozikletei ezartzea mahaigaineratzen da baina EAtik ez dugu neurri hori egoki ikusten, argi izan arren errotazioa hobesten dituzten aukera ezberdinak aztertu behar direla eta baita aparkalekuen kopurua handitu ere.

5- Kotxea

Hiria atseginagoa izan dadin aparkaleku disuasiboak sortzearen alde egiten dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu hiriko gune desberdinetan aparkaleku bila dabilen trafikoa murriztea eta beraz, gure kaleetan trafikoa arintzen laguntzen duten ekimen jasankorrak begi onez ikusten ditugu. Horretarako,  Euskotrenek, Renfek eta autobusek aparkaleku disuasiboekin dituzten loturak hobetu behar dira.

Oinezkoei eta bizikletei dagokienean, kale eta errepideen kudeaketan Donostia hiriak asko hobetu du, hiriko auzo desberdinetako kaleak oinezkoentzat bihurtzeko politika garatuz eta bidegorri sarea sustatuz, baina  beharrezkoak diren urratsak ematen jarraitu behar da.

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *