Mozioa Udalak Hirigintza Kudeaketarako Udal Sozietate bat edukitzeari buruz

(Interpelazioa Ikusi)

Eusko Alkartasuna taldearen bozeramaile Ricardo Burutaran Ferrek, Udalbatzaren Organo Araudiko 98. artikulua oinarri, MOZIO hau aurkeztu du, Lurraldearen Garapen eta Planifikazio Batzordeak 2010eko martxoaren 15ean egindako bileran aurkeztu zen interpelazioa —Hirigintza Kudeaketarako Udal Sozietateari buruzkoa— dela-eta, Udalbatzan azter dadin.

JUSTIFIKAZIOA:

Uneoro arduratu behar da zerbitzu jakin batzuk kudeatzeko udal sozietateak sortu edo mantentzeko beharraz baina, batez ere, bizi dugun krisi-egoera honetan. Horretarako, ezinbestekoa da egiaztatzea arrazoi nahikoa dagoela udal sozietateek zerbitzu horiek eman edo egin behar dituztela justifikatzeko.

Hirigintza Kudeaketarako Udal Sozietatea 2008ko otsailaren 26an sortu zen, xede hartuta «Altza, Molinaoko ibarra eta Loiola – Martutene guneetako hirigintza-lanak kudeatu eta egitea» eta, Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi eskuorde Jorge Letamendia Belzunceren hitzetan, «Udaleko sailei laguntzeko» eta «eraginkor izateko aukera emango diguten tresnak» Udalari ematea helburu izanik.

Administrazio Kontseiluak 2008ko maiatzaren 9an egin zuen bileran onartu zen sozietatearen behin betiko organigrama. Kudeatzaile batek (hasieran, Hirigintzako zuzendariak jardun zuen kargu horretan) hiru proiektu-kudeatzailek eta bi administrarik osatu zuten organigrama. 2009ko aurrekontu onartuan, lehenengo kapitulurako (langileak) zenbatekoa 444.107.97 € da, bost lanpostu horiek betetzeko; eta aipatutako merkataritzako enpresara bideratutako aurrekontua, guztira, 542.604.58 € da.

Aurrekontuaren memorian jasotakoaren arabera, ekitaldiko helburuetako bat da «ekitaldian zehar ahalik eta lasterren bukatzea urbanizazio-obrak hastea ahalbidetuko duten agiriak egiteko eta izapidetzeko lanak».

Nabarmentzekoa da, halaber, Estatutuetan xedatuta dagoen arren Administrazio Kontseilua nahitaez bi hilez behin bildu behar dela, Estatutuetako betekizun hori ez dela bete. Horrek ez du adierazten, hain zuzen ere, aipatutako sozietateak lan-zama handia duenik.

Alde horretatik, Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi eskuordeak berak onartu zuen Lurraldearen Garapen eta Planifikazio Batzordean aipatutako sozietateko Administrazio Kontseiluak ez zuela betetzen, argi eta garbi, bere Estatutuetan xedatutako betebeharra, alegia, bi hilerik behin biltzea.

Bestalde, sozietate horren xede diren helburuen artean, batzuk geratuta daude (Papin, Antondegi) eta, beste batzuetan, atzerapen handiak izaten ari dira (Auditz Akular eta Txomin Enea). Egia da, hala ere, Auditz Akularren mugimenduak hasi direla.

Horra hor zergatik egin duen Eusko Alkartasunak mozio hau, onar dadin:

«Donostiako Udalbatzak premiaz eskatzen dio Gobernu Taldeari has ditzala Hirigintza Kudeaketarako Udal Sozietatea likidatutzat jotzeko izapideak, eta sozietate horren eginkizunak lehendik dauden bestelako baliabideek beren gain har ditzatela».

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *