Adierazpen Instituzionala: Greenpeaceko beste aktibista batzuekin batera Juan Lopez de Uralde Danimarkan atxilotu dutela eta

Eusko Alkartasunaren bozeramaile zinegotzi Ricardo Burutaran Ferrek, Udalbatzaren Organo Araudiko 104. artikulua oinarri, ondorengo erakunde adierazpena aurkezten du, Greenpeaceko beste aktibista batzuekin batera Juan Lopez de Uralde Danimarkan atxilotzea dela eta, Bozeramaileen Batzordean azter dadin.

JUSTIFIKAZIOA:

Joan den abenduaren 17an, espainiar Estatuko Greenpeaceko zuzendari den Juan Lopez de Uralde donostiarra eta Greenpeaceko militante diren Nora Christiansen eta Christian Schmutz atxilotu zituzten. Izan ere, protestarako ekintza bakezalea egin zuten, Kopenhagera Klimaren Goi Bilerara joandako estatuburuei eta gobernuburuei Danimarkako erregina Margarita II.ak eskainitako galako afarian.

Protesta bakezalea hauxe izan zen: bi pankarta zabaltzea. Pankartan, testu hau ageri zen: Politicians talk, Leaders ACT. Greenpeace («Politikariak hizketan aritzen dira; liderrak, ekinean. Greenpeace»).

Ekintza hura dela eta, Greenpeaceko hiru kide horiek —eta erakunde berekoa den baina geroago atxilotu zuten Joris Thijssen ere bai— 21 egun egon ziren kartzelan, gutunak eta bisitak zorrotz kontrolatuta, hau da, isolamendu egoeran, berez.

Adierazpen askatasuna da gizabanakoen funtsezko eskubideetako bat. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 19. artikuluan jasota dago. Eta Greenpeace erakundeak beti modu baketsuan egin izan ditu egoera jakin batzuk salatzeko edo protesta egiteko ekintzak. Era berean, Greenpeaceko kideek inoiz ere ez diete ihes egin protesta ekintzen ondorioz beren kontra egindako ekintza judizialei.

Halaxe gertatu zen aipagai dugun egoera horretan ere. Horrenbestez, Udalbatzak erabaki hau hartzea proposatzen dugu:

1.- Arbuiatzea Juan Lopez de Uralderi eta atxilotutako Greenpeaceko gainerako kideei aplikatutako atxiloketa eta isolamendu baldintzak.

2.- Ondorengo hau nabarmentzea: badaezpada ere kartzela sartzeko neurria, izatez isolamendua izan zena, erabat neurrigabea dela, gertakizunen izaera kontuan hartuta, eta, de facto, Greenpeaceko aktibista horiek aldez aurretik zigortzea izan zela.

3.- Espainiar Estatuko Gobernuari eskatzea —are gehiago Europar Batasuneko lehendakaritza hartu duen aldi honetan— bitartekari lanak egin ditzala kasu hori azkar eta behin betiko ebatz dadin.

4.- Greenpeacek Ingurumenaren alde eta klima aldaketaren kontra egiten duen lanari aintzatespena erakustea.

5.- Erakunde adierazpen honen edukia Greenpeaceri, Estatuko Gobernuko Atzerri Gaietarako ministroari eta Danimarkako Justiziako ministroari bidaltzea, eta eduki hori Donostiako herritarrei ezagutaraztea.

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *