Mozioa Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzari buruzko mozioa aurkeztu du

(Interpelazioa Ikusi)

Eusko Alkartasuna taldearen  bozeramaile Ricardo Burutaran Ferrek, Udalbatzaren Organo Araudiko 98. artikulua aintzakotzat hartu eta MOZIO hau aurkezten du, udalbatzan eztabaida dadin; Lurraldearen Garapen eta Planifikazio batzordeak 2008ko urriaren 20an egindako bilkuran, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza dela-eta izapidetu zen INTERPELAZIOAREN ondorioa da mozioa.

JUSTIFIKAZIOA

Gure taldeak 2004an eskatu zuen Lokalak Etxebizitza Bihurtzeko ordenantza idaztea, eta, zehazki, eskatu genuen ordenantza horri irizpide murriztaileak ezartzea, erabilera-aldaketa horiek espekulaziorako biderik eman ez zezaten. Hala, etxebizitzara aldatutako lokalak babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari atxikitzea eskatu genuen.

Horrela jokatuz gero, premian dauden pertsonek soilik eskuratu ahalko dituzte etxebizitza bihurtutako lokalak; hau da, ez da espekulaziorako biderik zabalduko, eta babes ofizialeko erregimenean sartzeko baldintzak betetzen dituztenek soilik eskuratu ahal izango dituzte etxebizitza horiek. Gainera, etxebizitza-mota hori eskuratzeko aukera ematen bada, neurri batean arin daiteke jende askok, eta, batik bat, gazteek, etxebizitzen merkatu librean etxebizitza bat eskuratzeko duten ezintasuna.

Donostiako udalbatzak, 2005ean, ordenantza hori onartzeari buruzko proposamen bat onartu zuen. 2006an, Plan Orokorraren proiektua egiteko irizpide, helburu eta soluzio orokorrak onartu ziren, eta agiri horrek lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera aurreikusten zuen, baldin eta ordenantza berri bat onartzen bazen aukera hori arautzeko.

Ordenantza horren zirriborro bat egingo zuela agindu zuen bere garaian gobernu-taldeak, eta, are, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari hasierako onarpena eman zitzaion udalbatzarrean, zirriborro hori egin eta banatzeko konpromisoa hartu zuen; baina, hala ere, oraindik ez dugu haren berririk izan Aurreko urrian, talde honek interpelazio bat aurkeztu zuen, Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotziak ordenantza hori egiteko eta aurkezteko asmorik bazuen ala ez jakiteko. Hirigintzako zuzendari Iñaki Atxukarro batzordearen bilkuran zegoen, eta aitortu zuen berandu zebiltzala ordenantza prestatzeko lanetan. Zenbait arrazoi eman zituen berandutza hori justifikatzeko, eta hilabeteko epean ordenantza-proiektu bat egiteko konpromisoa hartu zuen.

Ordutik hona bi hilabete igaro badira ere, ez dugu lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren proiektuaren berririk, eta, gainera, ez dakigu noiz izango dugun, gutxienez, proiektu horren zirriborro bat.

Hirigintza eta etxebizitza departamentuari eskatzen diogu lehenbailehen aurkez dezala lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, edo, halakorik egiteko moduan ez badago, jakinaraz diezagula ordenantza idazteko prozesuaren zer fasetan gauden, zer epe beharko den hura aurkezteko, eta zergatik ez den ordenantza hori aurkeztu.

Hori guztia aintzat hartuta, Eusko Alkartasuna udal taldeak MOZIO hau aurkezten du:

1.- Donostiako Udaleko udalbatzak gobernu taldeari, eta, zehazki, hirigintza eta etxebizitzako zinegotziari eskatzen dio, lehenbailehen aurkez dezala lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren proiektua.

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *