proposizioa JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAREN ORDENANTZARI BURUZKO ARAU PROPOSAMENari buruz

Eusko Alkartasuna taldeko zinegotzi Ricardo Burutaran Ferrek, Udalbatzaren Organo Araudiko 90. eta 91. artikuluak oinarri, JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAREN ORDENANTZARI BURUZKO ARAU PROPOSAMEN hau egin du, Udalbatzan azter dadin.

Zioen azalpena:

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratua onartzen duen apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretuak, Udal Zerga Sistema aldatzeko martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauaren bidez aldatuak, 12. artikuluan ezartzen duenez, “Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauko 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalek hobari hauek aplikatu ahal izango dituzte”:

Besteren artean, c) atalak hau jasotzen du: “enplegua sortzeagatiko hobari bat, dagokion kuotaren % 50era bitartekoa, udal zerga hori ordaintzen duten eta hobaria aplikatu aurreko zergaldian lan-kontratu mugagabeko langileen batez bestekoa handitu duten subjektu pasiboentzat…”. Ildo horretatik, kalitatezko enplegua eta enplegu iraunkorra sor dadin interesa du Udalak, eta, horrenbestez, hobariak langile finkoen batez bestekoa handitzea saritzen duen neurrian, enpleguaren egonkortasuna areagotzeko ekarpen gisa hartu behar du udalak hobari hori bere gain.

Aipatutako arauak eskumena ematen die udalei hobarien portzentajeak ezartzeko, gehienezko muga hori gainditu gabe, kontratu mugagabea duten langile kopuruaren batez besteko gehikuntza zenbatekoa den arabera.

Bide horretatik, proposatzen dugun erreforma honek hiru hobari aurreikusten ditu, langile kopuruaren batez besteko gehikuntza % 5, % 10 edo % 15 edo gehiagokoa den arabera, eta, betiere, portzentaje hori betetzeaz gain, kontratu mugagabea egin zaien langileak 5, 10 edo 15 edo gehiago badira. Neurri horrekin, beraz, enplegu-sorrerari lagundu nahi zaio benetan.

Beste alde batetik, aipatutako 12. artikuluko d) atalak zera aplikatzeko aukera ezartzen du “dagokion kuotaren % 50era bitarteko hobari bat… lantegirako joan-etorriek dakartzaten energia kontsumoa, eta igorpenak murrizteko eta garraiobide eraginkorrenak, taldeko garraioa edo garraio partekatua kasu, sustatzeko xedearekin langileentzako garraio plan bat ezartzen duten subjektu pasiboentzat.

Berriki onartu den Mugikortasun Sostengarriko Planak, jarduera programen barruan, helburu hauek ezartzen ditu, besteak beste: “Lantokietan mugikortasun planak egin daitezen sustatzea legez ezarritako neurrien zein neurri ekonomikoen bidez”, “lanarengatiko joan-etorrietako energia kontsumoa, negutegi efektua eragiten duten gasen igorpena, puntako orduetako  trafiko pilaketak eta istripu kopurua murrizteko xedearekin”.

Horregatik, Udalak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergagatik ordaindu beharreko kuotan hobariak emango dizkie lantoki berean 100 langile edo gehiago dituzten eta langileentzako garraio plan bat duten enpresei. Garraio plan bat duten industrialde edo teknologia-parke bereko erabiltzaileak erabiltzaile elkarteetan elkartu ahal izango dira, hobaria jasotzeko ezarritako gutxieneko langile kopuruaren baldintza betetze aldera.

Era berean, hobariak ezartzen dira energia berriztagarriak edo kogenerazio sistemak baliatzeko instalazioen bidez energia sortzen duten edo erabiltzen duten subjektu pasiboentzat.

Horregatik guztiagatik aurkezten dut Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskalari buruzko ARAU PROPOSAMEN hau:

1.- Onartzea aipatutako ordenantza fiskaleko 9. artikuluko 2. epigrafeari beste atal bat, e) atala, eranstea.

“9.2.e) Enplegua sortzeagatiko hobari bat udal zerga horren kuota ordaintzen duten eta hobaria aplikatu aurreko zergaldian, eta horren aurreko zergaldiarekiko, lan kontratu mugagabeko langileen batez bestekoa handitu duten subjektu pasiboentzat, irizpide hauen arabera:

– Ordaindu beharreko kuotaren gaineko % 15eko hobaria kontratu mugagabedun langile kopuruaren batez bestekoa ehuneko 5 handiagotu duten subjektu pasiboei, betiere kontratu mugagabea egin zaien langileak gutxienez bost badira.
– Ordaindu beharreko kuotaren gaineko % 30eko hobaria kontratu mugagabedun langile kopuruaren batez bestekoa ehuneko 10 handiagotu duten subjektu pasiboei, betiere kontratu mugagabea egin zaien langileak gutxienez hamar badira.
– Ordaindu beharreko kuotaren gaineko % 50eko hobaria kontratu mugagabedun langile kopuruaren batez bestekoa ehuneko 15 handiagotu duten subjektu pasiboei, betiere kontratu mugagabea egin zaien langileak gutxienez hamabost badira.

2.- Onartzea 9. artikuluko 2. epigrafeari beste atal bat, f) atala, eranstea.

“9.2.f) Ordaindu beharreko kuotaren gaineko % 15eko hobaria, lantoki berean 100 langile edo gehiago dituzten eta ibilgailu pribatuaren erabilera minimizatzeko langileentzako garraio plan bat duten subjektu pasiboentzat.

Hala, hobaria eskatu ahal izateko baldintza gisara, planaren egokitasunari eta nahikotasunari buruzko udalaren balioespen positiboa eskuratu behar da.

Gutxieneko langile kopuruaren baldintza betetzeko, industrialde edo teknologia-parke bereko pabilioien, nabeen edo bulegoen erabiltzaileak erabiltzaile elkarteetan elkartu ahal izango dira”.

3.- Onartzea 9. artikuluko 2. epigrafeari beste atal bat, g) atala, eranstea.

“9.2.g) Ordaindu beharreko kuotaren gaineko % 15eko hobaria, energia berriztagarriak edo kogenerazio sistemak baliatzeko instalazioen bidez energia sortzen duten edo erabiltzen duten subjektu pasiboentzat”.

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *