Interpelazioa hiri kanpoaldeko parkinei buruz

Eusko Alkartasunak, Udalbatzaren Organo Araudiko 137. artikulua oinarri, ondorengo INTERPELAZIOA egiten dio Mugikortasuneko zinegotzi eskuorde Maravillas Dafauceri, hiri kanpoaldeko parkinak direla eta, Gune Publikoetako Batzorde Orokorrean (Obrak eta Hiri Zerbitzuak) azter dadin.

JUSTIFIKAZIOA

Duela zenbait urtez geroztik, Udaleko Mugikortasun Sailak hiriaren erdialdean ibilgailuak murrizteko politika sustatzen du. Horretarako, garraio publikoa erabiltzera bultzatzen ditu hiritarrak, eta hiriko gune jakin batzuetan hiri kanpoaldeko parkinak egingo direla iragarri du. Horren xedea da, hain zuzen, hirian ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea, eta hirian mugitzeko garraio publikoa erabiltzea.

Gure Udal Taldea beti izan da garraio publikoa sustatzeko eta hiriaren erdigunerako ibilgailuen sarbidea nolabait murrizteko politiken aldekoa, eta horretarako neurriak hartu ditu. Hala ere, beti nabaritu izan dugu hiriko Gobernu Batzarrak onartutako sistema hori herren dabilela. Izan ere, hiri kanpoaldeko parkinek, hain zuzen, ibilgailua hiriaren kanpoaldean uzteko balio behar dute. Duela hainbat urtetik hona, hiri kanpoaldeko parkinen aldeko politika iragarri da, baina ez da halakorik inoiz gauzatu, eta horrek eragin du sistemak behar bezala ez funtzionatzea.

Esate baterako, 2006an iragarri zen hiri kanpoaldeko zenbait parkin egingo zela hiriaren kanpoaldean, hainbat tokitan. Guztira, sei egingo zirela jakinarazi zen. Gaur egun, orduko hartatik hiru urte iragan direnean, parkinetako hiruk baino ez dute zerbitzua ematen eta, egia esan, oso baikorra litzateke horiei hiri kanpoaldeko parkin esatea. Ondarretako parkinak ez du autobus geltokirik inguruan; Tolosa hiribidean dauden geltokietaraino joan behar da. Horrek, hein batea, hutsaldu egiten du garraio publikoari lotutako parkinaren izaera. Igarako parkina da baldintza hori betetzen duen bakarra, behar bezala lotuta baitago garraio publikoarekin. Hala ere, egia da parkin hori erabiltzen duten gehienak alboko enpresetako langileak direla, industrialdean baitago. Aipatuko dugun azken parkina ezin da jo erabiltzeko moduko hiri kanpoaldeko parkintzat, batez ere, udan. Loiolan dago, Lorategi Hiriaren ondoan, eta udako hilabeteetan kanpamentu bihurtzen da. Horrek, beraz, eragotzi egiten du parkin gisa erabiltzea.

Bere garaian parkinak egiteko hautatu ziren gainerako kokalekuen eta geroago iragarri ziren bestelako lekuen gainean (besteak beste, Itza ingurukoa) ez da ezer esan. Baina, gainera, oraindik ez da prestatu garraio publikoa erabiltzeko tarifa bigunen planik. Halako plan bat beharko litzateke, aipatu bezalako parkinak erabiliko dituzten erabiltzaileei autoa parkinen uzteak eta garraio publikoa hartzeak ez diezaien askoz gastu handiagoa ekarri, autoa hiriaren erdialderaino eraman eta lurpeko edo kaleko aparkalekuren batean uzteak baino.

Ez dugu ulertzen zergatik ez diren funtzionamenduan jartzen, behingoz, parkin horiek, eta eginda daudenek zergatik ez dituzten betetzen zerbitzua emateko baldintzak.

Horra hor zergatik aurkezten dudan ondorengo INTERPELAZIOA:

1.- Zer dela eta ez dira gaitu 2006. urtean iragarri ziren hiri kanpoaldeko parkinak eta geroago iragarri zirenak?

2.- Hirian dauden kanpoaldeko parkinek zer dela eta ezin dute bete guztiz beren eginkizuna, behar diren zerbitzuak falta izateagatik?

3.- Zer dela eta ez da egin politika koordinatu bat, hiri kanpoaldeko parkinen erabiltzaileek tarifa bigunen onura lor dezaten?

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *