GAZAKO GERRARI ETA KRISI HUMANITARIO LARRIARI BURUZKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

EAk  Gazari buruzko Adierazpen Instituzional bat aurkezten du

Abenduaren 27an Israelgo armadak Gazako mugan hasi zuen eraso militarraren ostean, azpiegitura, eraikin eta instalazioei egindako erasoaldiak etengabeak izan dira: hasiera batean aire bidezko eta itsasoko erasoaldiak izan ziren, eta ondoren lur-inbasioa ere egin zuten.

Gazako lerrora eta palestinar biztanleria zibilaren aurka modu kriminalean zuzendu den Israelgo armadaren esku-hartzea ez dute geldiarazi denbora tarte honetan. Alderantziz, egoerak okerrera egin du: hebrear gobernuak nazioarteko eskubidea hausten jarraitzen du, eta ez du errazten laguntza humanitarioa Gazako biztanleria zibilarengana iristen. Are gehiago, egunotan Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzarrak jakitera eman du Israelek nazioarteko giza eskubideak urratzen dituela, erasoetan zauritutakoei laguntza emateko orduan trabak jarriz. Bestalde, Israelgo armadak laguntza-taldeak sartzeko baimenak atzeratu egin zituela ere salatu du; hots, Genevako Konbentzioko legearen arabera dituen betebeharrak hautsi ditu. Lege horrek gerra arautzen du: zaurituak artatzea eta lehenbailehen handik ateratzea ahalbidetu behar da.

Nazio Batuen Erakundeak palestinar errefuxiatuentzat duen agentziak Gazako bere jarduera eten duela jakinarazi du, langileen segurtasuna ezin duelako ziurtatu. Israelek ezarritako hiru orduko ustezko su-eten humanitarioan, NBEko kamioak laguntza humanitarioa ematen ari ziren mugan, eta Israelgo tankeek suzko artilleriarekin eraso zituzten. Hori guztia, auto blindatu bat eta UNRWAren anbulantzia bat tirokatu eta NBEko eskola bat bonbardatu ostean gertatu zen.

Gazako egoera ikuspegi humanitariotik begiratuta, onartezina da, eta horregatik Donostiako gizarteari gaitzespen argia adierazteko unea iritsi zaio. Nazioarteko herrialde demokratiko ugari ez daude Israelgo gobernuaren jokabidearekin ados, eta erasoaren amaiera eskatzearekin batera laguntza humanitarioa herrialde palestinarrean sartzen uzteko eskatuko diote. Bestalde, Israelgo Gobernuak kontziente izan behar du nazioarteko zenbait herrialdeek, betebehar etikoei jarraiki, nazioarteko komunitate osoaren izenean erabateko erantzuna emango diotela bere jokabideari.

Hori guztia aintzat hartuta, Eusko Alkartasuna udal-taldeak ondoren onartzeko akordio hau aurkezten du:

1.- Israelek Gazako gizarte palestinarrari egindako erasoak gogor gaitzesten ditu Donostiako Udalak. Aldi berean, ehunka pertsona hil eta zauritu dituen eraso hauen aurrean nazioarteko komunitateari erantzun sendoa eskatzen dio.

2.- Donostiako Udalak NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenarekin bat egiten du, eta, beraz, berehalako su-etena, Gazan dauden Israelgo tropak erretiratzea eta korridore humanitarioak zabaltzea eskatzen du.

3.- Donostiako Udalak Genevako Konbentzioko arau eta oinarriak betetzeko eskatzen du, eta Israeli deia egiten dio zaurituta dauden pertsonak lehenbailehen artatu eta handik ateratzeko.

4.- Donostiako Udalak Europar Batasunari Israelekin duen elkartze-akordioa bertan behera uzteko eskatzen dio. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eta Europako gainerako gobernuei Israelekin dituzten harremanak bertan behera uzteko aldarria egiten die, palestinarren aurkako erasoak gelditzen ez dituzten bitartean.

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *