Eusko Alkartasunak bat egiten du larunbat honetan Donostiako hiri ereduaren aldaketaren alde deitu den manifestazioarekin

Eusko Alkartasunak bere babesa adierazi dio larunbat honetan “Donostia berreskuratu! Hiri-eredua aldatu!” lemapean 46 donostiar eragilek deitu duten manifestazioari eta Donostiako hiritarrei hots egiten die “hondatzearen aurrean ez daitezela besoak uztarturik gelditu”.

Eusko Alkartasunaren ordezkaritza batek, Mikel Osinalde Donostiako koordinatzailea buru duela, Araba Parketik arratsaldeko seietan abiatuko den martxan parte hartuko du.

Osinaldek ”hiri-ereduaren oinarrien aldaketa erradikal baten beharra” azpimarratu du eta erakunde deitzaileei bere babesa azaldu die. “Eneko Goiak industria turistikorako eta ostalaritzarako agintzen du soilik, eta milaka donostiarren eguneroko beharrei muzin egiten die”, adierazi du.

EA Donostiako koordinatzaileak udal gobernuari etxebizitza larrialdiari aurre egiteko premiazko neurriak hartu ditzan eskatu dizkio. “Europako beste hiri batzuetan egin den modura ostatatze turistiko berrien irekierari luzamendua ezarri behar zaie. Ondare historikoaren suntsiketa da Eneko Goiaren marka pertsonala eta Arte Ederren eraikinaren hustuketa da bere mugarririk lotsagarriena. Etxebizitza publiko gehiago behar da eta espekulazio gutxiago”, azaldu du.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *