galdera etxebizitzetarako irisgarritasuna dela eta

Eusko Alkartasuna taldeak, Udalbatzaren Organo Araudiko 135. artikulua oinarri, Lurraldearen Garapen eta Planifikazio Batzordean IDATZIZ ERANTZUTEKO GALDERA hau egiten dio Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi eskuorde Jorge Letamendiari, etxebizitzetarako irisgarritasuna dela eta.

JUSTIFIKAZIOA

Ingurune fisikora iristea —eta ingurune fisikoaren barruan daude eraikinak— funtsezkoa da modu autonomoan gozatu ahal izateko oinarrizko eskubide bat: pertsona orok bere etxebizitza erabili eta gozatu ahal izateko eskubidea. Eta eskubide hori dute, beraz, mugikortasuna behin betiko edo aldi baterako murriztua duten pertsonek ere.

Hain zuzen horretarako, eta botere publikoei besteak beste helburu hori benetan lortzearren behar diren neurriak hartzera dei egiteko, Irisgarritasuna Sustatzeko Legea egin zen 1997an; eta beste hainbat arau ere egin dira. Horregatik onartu zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzea, Donostiako bizitegi eraikinetako etxebizitzen irisgarritasuna sustatze aldera.

Hain zuzen ere plan orokorraren aldaketan ezarrita dago: «Oro har, proiektu honek eragindako etxebizitzak irispide fisikoaz hornitzea, hiri honetako hirigintza plangintzaren berezko helburuetakotzat jo behar da».

Uste dugu, horretarako, beharrezkoa dela aurre egin nahi zaion arazoaren benetako neurria ezagutzea. Egia da araudian aintzat hartzen direla mugikortasuna behin betiko nahiz aldi baterako murriztua dutenak. Baina, egiari zor, jarduketaren izaera dela kausa, arrazoizkoa da lehentasuna ematea mugikortasun murriztu iraunkorra edo parekatua (70 urte baino gehiagokoak) dutenei, gainerakoen aldean.

2008ko otsailean, Jorge Letamendiari eskatu genion bidal ziezagula idatzizko informazio bat, irisgarritasun zaileko etxebizitzen egoeraz, eta halako arazoak nozitzen dituzten pertsona kopuruaz.

Urtebete baino gehiago da galdera hori egin genuela, eta Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi eskuordeak ez du erantzun.

Horra hor zergatik egiten dudan AHOZ ERANTZUTEKO GALDERA HAUEK:

1.- Mugikortasun murrizketa iraunkorra edo 70 urte baino gehiago duten zenbat pertsonak falta dute irisgarritasun osoa, euren ohiko bizilekuetara iristeko? Kopuru hori zehaztuta ez baldin badu, Udalak kopuru hori zehazteko azterlana enkargatu asmo du?

2.- Zer jarduketa egin asmo ditu Udalak, irisgarritasun arazo hori konpontzeko? Zein epetan?

3.- Zer diru partida bideratu asmo ditu horretara, eta zer datu oinarri hartuta sartu ditu aurrekontuan partida horiek?

4.- Jakin al da zenbat kasutan ezinezkoa izango den —fisikoki, teknikoki edo legez— mugikortasun murriztu iraunkorra edo 70 urte baino gehiago duten pertsonen ohiko bizilekurako irisgarritasun osoa lortzea? Halakoetan, Udalak pertsona horiek beste bizitegi eraikin batzuetara aldatzen laguntzeko asmoa du?

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *