TELEKOMUNIKAZIO-SAREETAKO INSTALAZIO ERRADIOELEKTRIKOAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA AZTERTZEKO ETA ALDATZEKO BATZORDE EZ IRAUNKOR BAT OSATZEARI BURUZKO PROPOSAMENA

TELEKOMUNIKAZIO-SAREETAKO INSTALAZIO ERRADIOELEKTRIKOAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA AZTERTZEKO ETA ALDATZEKO BATZORDE EZ IRAUNKOR BAT OSATZEARI BURUZKO PROPOSAMENA.

EA udal-taldeko Ricardo Burutaran Ferrek, eta EAJ udal-taldeko bozeramaile Xabier Ezeizabarrena Saenzek, Osoko Bilkuraren Araudi Organikoaren 90., 91. eta 148. artikuluak oinarri, telekomunikazio-sareetako instalazio erradioelektrikoak arautzen dituen Udal Ordenantza aztertzeko eta aldatzeko batzorde ez iraunkor bat osatzeari buruzko PROPOSAMEN hau aurkeztu dute, Osoko Bilkuran aztertu dadin.

JUSTIFIKAZIOA

Osoko Bilkurak, 2002ko irailaren 25eko bilkuran, erabaki zuen telekomunikazio-sareetako instalazio erradioelektrikoak arautzeko Udal Ordenantza behin betiko onartzea. Ordenantza onartu baino lehenago, Batzorde Berezi bat sortu zen, udal-talde bakoitzeko ordezkari batez eta udal-teknikariez osatua, eta hainbat batzarretan gai hori ikertu eta aztertu zuten; Batzordeak adituen iritziak ere jaso zituen, bai eta operadore-konpainietako ordezkarienak ere.

Ordenantza onartu zenetik —eta orduan aitzindari izan zen—, geroz eta hiritar gehiagok adierazten dute horri buruzko kezka. Esaterako, etxe ondoan edo etxetik hurbil dituzten telefonia mugikorretako antenek osasunean zer kalte eragin ditzaketen; eraikinetan —batzuetan babestutako eraikinak— antenek eragindako ondorio estetikoak; antenen kokapen-mapari eta egindako neurketei buruzko informazioa eskuratzeko mugak edo zailtasunez…. Azken finean, Ordenantza onartu zenetik pasa den denbora dela-eta, hura berriz aztertzea komeni da.

Beharrezkoa da Batzorde ez iraunkor bat sortzea aipatu Ordenantza berritzea aztertzeko, bai eta beste zenbait alor ere: elektromagnetismoz ase dauden zonak adieraztea, antenen kokapena berrantolatzea hirigintzaren aldetik, enpresa instalatzaileek telefonia mugikorren antenek eragiten duten erradiazioaren aldizkako kontrolak egiteko eskatzea, antenak jartzeko baimenak mugatzeko “eremu sentikor” deritzenen ondoan (ospitaleak, haurtzaindegiak, ikastolak, ikastetxeak eta hezkuntza-zentroak eta zaharren egoitzak). Finean, bermatu behar da, alde batetik, pertsona “sentikorrenek” erradiaziorik ez dutela jasotzen, baina bestetik, hirian seinalea zonalde guztietan dagoela.

Honako hauek dira egin beharrekoak: kasuak kasu, berrikustea eta aldatzea antenen eta bizitegi-guneen arteko distantzia, horien segurtasuna bermatu eta mantendu ahal izateko; Udalak bere gain hartzea Telefonia Mugikorreko Estazioetako erradiazio elektromagnetikoaren neurketak egitea, eta beharrezko neurriak hartzea Estazio horiek baimendutako eta gomendatutako maila gainditzen badute; eta azkenik, neurketa horien emaitzak jakinaraztea, bai eta udalerriko antena guztien azken neurketa-data eta emaitzak etengabe argitaratzea webgune batean.

Beharrezkoa da aztertzea telefonia mugikorreko antenen instalazio-lizentziak aldi baterako mugatzea; horrela, behin lizentzia-epea amaitzean, antena jakin horretako kalteak berrikusi ahal izango dira. Era berean, beharrezkoa da aipatu instalazio erradioelektrikoen ardura-erantzukizunaren estaldurak berrikustea.

Azkenik, beharrezkoa da, baita ere, araudia berrikustea ingurunearekin bateragarri ez diren telefonia mugikorreko antenei baimena kentzeko, baldin eta onargarria ez den begi-inpaktua eragiten badute, edo babestutako eraikin edo etxebizitza-multzoen ondoan ezarri nahi badira.

Aipatu artikuluak oinarri, izenpetzen duten bozeramaileek PROPOSAMEN hau aurkezten dute, hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidatu dadin:

– Telekomunikazio-sareetako instalazio erradioelektrikoak arautzen dituen udal ordenantza aztertzeko eta aldatzeko batzorde ez iraunkor bat sortzea.

Batzordeko kideak honako hauek izango dira: Alkatea edo eskuordetzen duen pertsona, Batzordeburu gisa; eta udal-talde bakoitzeko kide bat.

Halaber, parte hartuko dute, hitza dutela baina botorik ez, Idazkari Nagusiak edo hark eskuordetzen duen pertsonak, Batzordearen Idazkari gisa.

Iraupena: 6 hilabete.

Bileren erregimena: hamabost egunetik behin.

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *