Eusko Alkartasunak, Udalbatzaren Organo Araudiko 137. artikulua oinarri, IRADOKIZUN hau egin dio Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Ernesto Gasco Gonzalori, Donostiako Tranbia Konpainiaren autobusetan, kanpoaldean, bozgorailuak jartzeko aukerari buruz, Gune Publikoetako Batzorde Iraunkorrean (Obrak eta Zerbitzuak) azter dadin.
JUSTIFIKAZIOA
Ikusmen urriko jendeak, eta, askotan, adineko jendeak arazo handiak izaten ditu geltokira iritsi den autobusa zein lineakoa den eta nora doan jakiteko. Jendea geltokian dago zain, baina, autobusa iristen denean, ez dute zein den jakiteko modurik. Gainera, askotan, geltoki berean autobus-linea batek baino gehiagok egiten dute geldialdia.
Pertsona horiei laguntzeko audio-sistema bat dago; honetan datza: autobusaren kanpoaldean bozgorailu txiki batzuk jartzen dira, eta urrutiko aginte batez aktibatzen dira. Autobusa geltokira iritsi eta bozgorailua aktibatzen denean, autobus horri dagokion linea-zenbakia adierazten du sistemak, eta, horrela, iritsi den autobusa zein den jakiterik dutenez, nahasketa, autobus-galtze… asko saihestu daitezke.
Horra hor zergatik aurkezten dudan IRADOKIZUN hau:
Donostiako udaleko mugikortasun-sailari eskaera egitea autobusetan urrutiko aginte baten bidez aktibatzen diren bozgorailuak jar ditzaten, autobus-zenbakia edo -linea zein den informazioa emateko.