Cervantes plazako parking negoziazioen egoerari buruzko galdera

Eusko Alkartasuna taldeko zinegotzi Ricardo Burutaran Ferrek, Udalbatzaren Organo Araudiko 135. artikulua oinarri, AHOZ ERANTZUTEKO GALDERA hauek egin dizkio mugikortasuneko zinegotzi ordezkari eta Gobernu Batzarreko kide Ernesto Gasco Gonzalori, Cervantes plazako parkinga itzultze-egoerarengatik udalari ordaindu beharreko zenbatekoa zehazteko esleipendunarekiko negoziazioen egoera dela eta, Gune Publikoetako Batzorde Iraunkorrean (Obrak eta Zerbitzuak) azter dadin.

JUSTIFIKAZIOA

Hiriari itzultzeko epea gertu zuten aparkaleku publiko batzuen mantentze-egoera eskasarekiko gure kezka aditzera eman genuen jada martxoan.

Okendoko aparkalekuaren itzulketa zela eta, Udala akordio batera iritsi zen enpresa emakidadunarekin parkingaren itzulketa beharrezko mantentze-egoeran egin zedin egin behar ziren obren zenbatekoa zehazteari buruz.

Kezka horren ondorioz, eta, Cervantes plazako parkingaren itzulketa gertu izanik, emakidadunak hura mantentzeko beharrezko lan guztiak egin ez zituela egiaztatu ondoren, mugikortasuneko zinegotzi ordezkaria batzorde honetan ager zedin eskatu genuen aurtengo maiatzaren 20an.

Ebidentzia horren aurrean, mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Ernesto Gasco ager zedin eskatu genuen, gai horren inguruan gauzatzen ari zen negoziazioaren terminoei buruzko informazioa eman ziezagun.

Agerraldi horretan aipatu zigunez, negoziazio-prozesua, enpresa emakidadunarekin, martxan zegoen, baina oraindik ere, ez zegoen burututa.  Era berean, negoziazio horretan kontuan hartzen ari ziren irizpideen eta kontzeptuen berri eman zuen zinegotzi ordezkariak; haien artean “alderdi arkitektonikoa” (zoruen, pareten, sabaien… egoera), aparkalekuaren egitura (zutoinak eta solairuak) eta instalazioak (elektrikoa, suteen kontrakoa…) aipatu zituen. Iragazgaizpenaren egoera kontuan hartuko ez zela ere aipatu zuen.

Negoziazio-prozesua amaitu ondoren, lortutako akordioen berri emateko udal taldeekin bilera egiteko prest zegoela ere adierazi zuen amaitzeko.

Agerraldi hartatik 7 hilabete igaro direnean, eta Cervantes plazako aparkaleku berria eraikitzeko lanak hasita daudela, gure taldeak ez du inolako berririk jaso lehengo esleipendunarekin lortutako akordioei eta lehen azaldutako irizpideen eta kontzeptuen arabera udalari ordaindu beharreko diru-kopuruari buruz.

Horra hor zergatik aurkezten ditudan GALDERA hauek:

1.- Amaitu dira jada negoziaketak enpresa esleipendunarekin egin ez dituen mantentze-lanengatik Udalari ordaindu behar dion diru-kopurua zehazteari dagokionez?  Amaitu ez badira, zein egoeratan daude?

2.- Negoziaketak amaitu ez badira, aparkaleku berria eraikitzeko lanak hasi izanak ez die kalterik egingo Udalaren interesei, egin ez diren mantentze-lanak eta zegoen egoera egiaztatzeari dagokienez? Zer neurri hartu dira udalaren interesak babesteko?

3.- Negoziaketak amaitu badira, zein izan da haien emaitza? Ordaindu beharreko kopurua zehazteko, zenbatetsi al da, esan zitzaigun bezala, zoru, sabai eta paretek, aparkalekuaren egiturak eta hango instalazioek erakusten zuten egoera? Zergatik ez zaie eman, eskaini zitzaien moduan, negoziaketen emaitzei eta lortutako akordioei buruzko informaziorik  udal taldeei?

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *