Berio-Igara bidean abiadura-motelgailuak jartzeko aukerari buruzko iradokizuna

Eusko Alkartasunak, Udalbatzaren Organo Araudiko 137. artikulua oinarri, IRADOKIZUN hau egin dio Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Ernesto Gascori, Berio-Igara bidean abiadura-motelgailuak jartzeko aukerari buruz, Gune Publikoetako Batzorde Iraunkorrean (Obrak eta Zerbitzuak) azter dadin.

JUSTIFIKAZIOA:

Berio erditik pasatu eta Igara auzorantz doan bidea, bi noranzkoetan, oso arriskutsua da oinezkoentzat eta, bereziki, bidean zehar dauden ikastetxeetara doazen haur eta gazteentzat. Ibilgailuek abiadura handia hartzen dute, maldan behera, eta gorako erraian, berriz, abiadura egokia ez bada (maiz gertatzen den bezala), azken bihurguneak ez du zebra-pasabidetik gurutzatzen ari diren oinezkoak garaiz ikusten uzten. Ezusteko nahiko izan dituzte haurrek eta helduek pasabide horretatik gurutzatzerakoan, ibilgailuen gehiegizko abiaduragatik, gehienetan.

Eusko Alkartasuna taldetik, eta auzokoen kexen berri eman nahian, abiadura-motelgailuak jartzea eskatu izan dugu behin baino gehiagotan, oinezkoek lasai samar gurutzatzerik izan dezaten, ustekabekorik eta harrapatzeko arriskurik gabe. Halere, ez dugu erantzun positiborik jaso mugikortasuneko departamentutik, nahiz eta asko izan hortik pasatzen diren haurrak; ezin dugu ahaztu, gainera, bizitegi-gunea dela eta auzotarrek ibilgailua etxearen beste aldean utzi behar izaten dutela zenbaitetan, gorako noranzkoan aparka daitekeelako soilik, eta, hortaz, errepidea gurutzatu behar dutela, eta zenbait tarte benetan arriskutsuak direla. Arriskua areagotu egiten da CEBANC eraikinetik eta Igaratik igo eta hara jaisteko bidea bera hasten den zati horretan.

Uda garai oso egokia iruditzen zaigu motelgailu horiek jartzeko, ikastetxeetarako bidean haur edo gazterik ez dabilelako, eta datorren ikasturterako prest egon daitekeelako.

Horra hor zergatik aurkezten dudan ondorengo IRADOKIZUNA:

Berio-Igara bidean, bereziki CEBANC eraikinetik beherako noranzkoan eta, gorakoan, han bertaraino, abiadura-motelgailuak jartzea sustatzeko eskaera egitea Gobernu Batzarrari.

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *