MOZIOA Alokairuan emandako Babes Ofizialeko Etxebizitzen kontratuen luzapen-baldintzak direla eta.

(Interpelazioa Ikusi)

Eusko Alkartasunak, Udalbatzaren Organo Araudiko 98. artikulua oinarri, mozio hau aurkeztu du, alokairuan emandako babes ofizialeko etxebizitzak direla eta, osoko bilkuran azter dadin. Mozioa Lurraldearen Garapen eta Planifikazio Batzordean aurkeztutako interpelazioaren ondorio da.

JUSTIFIKAZIOA;

Duten prezioarekin etxebizitza eskuratzea izan da, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du, donostiarrak gehien kezkatu eta kezkatzen dituen arazoetako bat.

Arazo horren ondorioak samurtze aldera, Administrazio Publikoek, Udala barne hartuta, babes publikoko etxebizitzak sustatzeko hainbat neurri jarri dituzte abian, eta politika hori gauzatzera diru-kopuru handiak bideratu dituzte altxor publikotik, hots, donostiar guztiok ordaintzen dugun dirutik.

Halere, ahalegin hori gutxiegi suertatuko litzateke Administrazio Publikoak etxebizitzak lurrazal-eskubide erregimenean ematera mugatuko balira, eta, gero, etxebizitza horien onuradunen diru-sarrerek, ondare-egoerak, etxebizitza beharrak… okerrera edo hobera egin duten kontrolatzetik eta ikuskatzetik at utziko balituzte.

Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da alokairu erregimenean emateko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea eta sustatzea, onuradun izan diren pertsonen egoera aldatu den aldian-aldian egiaztatzeko, eta egoera aldatu bada, horren arabera esku hartzerik izateko eskumenak gorde daitezen moduan.

Babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzerik izateko zenbait baldintza bete behar dira (ezin izango luke bestela izan), besteak beste, etxebizitza-beharra izatea, eta arauz ezarritako gutxieneko eta gehieneko tartean dauden diru-sarrerak izatea.

Donostiako Etxegintza erakunde publikoak eskatuta sustatutako alokairuzko babes ofizialeko etxebizitzen promozio berriek klausula hau dute: Errentamendu-kontratuaren iraupena bost urtekoa izango da. Epe hori luza daiteke, baldin eta bost urteak igaro eta gero maizterren egoera pertsonala, ekonomikoa eta etxebizitzaren beharra, hau da, etxebizitza esleitzeko arrazoia izan ziren ezaugarriak, aldatu ez badira.

Klausula horrek dioena bat dator erabat martxoaren 4ko 39/2008 dekretuak, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, gaur egun ezartzen dituen baldintzekin eta egun indarrean ez dagoen abenduaren 30eko 315/2002 dekretuak eta aurreko beste arau batzuek ezarritakoekin.

Udalak alokairuan lagatzeko zenbait etxebizitza ditu eta etxebizitza horietako askoren errentamendu-kontratuen lehenengo indarraldia amaitu da.

Are gehiago, etxe horietako batzuek babes ofizialeko etxebizitza izendapena galdu duten arren, prezio horretan errentan ematen jarraitzen du udalak.

Lurraldearen Garapen eta Planifikazio Batzordean Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkariari interpelazioa egin eta hark berretsi zuenez, isilean luzatzen ari dira, gaur egun, mota horretako etxebizitzen errentamendu-kontratuak. Bistakoa da, beraz, kontratuak luzatu aurretik ez direla egiaztatzen ari bere garaian ezarritako baldintzak, hau da, etxebizitza beharra izaten jarraitzea, eta beste etxe baten jabe ez izatea, baldintza ekonomikoak betetzea, eta alokairuan emandako etxebizitza horretan erroldatuta egotea. Kontratu-luzapen horiek inolako kontrolik edo egiaztapenik gabe egiten ari dira gaur egun.

Horren guztiaren ondorioz, eta egoera hori zilegi ez den eran luzatu ez dadin, hona Eusko Alkartasuna taldeak aurkezten duen

MOZIOA

Udalbatzak hertsiki eskatzen dio gobernu-taldeari babes ofizialeko etxebizitzen zein babes publikoko etxebizitzen prezioan ematen diren etxebizitzen errentamendu-kontratuen indarraldia amaitzen denean, eta kontratua luzatu aurretik, etxe-beharrari, erroldatua egoteari, gehienezko diru-sarrerei buruzko baldintzak, hala nola, babes publikoko erregimenaren baten pean dauden etxebizitzei buruzko araudietan jaso daitekeen beste edozein baldintza, betetzen diren egiaztatzea.

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *