interpelazioa alokairuan emandako babes ofizialeko etxebizitzak azter dadin

(Mozioa Ikusi)

Eusko Alkartasuna taldeko zinegotzi Ricardo Burutaran Ferrek, Udalbatzaren Organo Araudiko 134. artikulua oinarri, INTERPELAZIO hau egin dio Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari eta Gobernu Batzarreko kide Jorge Letamendia Belzunceri, alokairuan emandako babes ofizialeko etxebizitzak direla eta, Lurraldearen Garapen eta Planifikazio Batzordean azter dadin.

JUSTIFIKAZIOA

Duten prezioarekin etxebizitza eskuratzea izan da, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du, donostiarrak gehien kezkatu eta kezkatzen dituen arazoetako bat.

Arazo horren ondorioak samurtze aldera, Administrazio Publikoek, Udala barne hartuta, babes publikoko etxebizitzak sustatzeko hainbat neurri jarri dituzte abian, eta politika hori gauzatzera diru-kopuru handiak bideratu dituzte altxor publikotik, hots, donostiar guztiok ordaintzen dugun dirutik.

Halere, ahalegin hori gutxiegi suertatuko litzateke Administrazio Publikoak etxebizitzak lurrazal-eskubide erregimenean ematera mugatuko balira, eta, gero, etxebizitza horien onuradunen diru-sarrerek, ondare-egoerak, etxebizitza beharrak… okerrera edo hobera egin duten kontrolatzetik eta ikuskatzetik at utziko balituzte.
Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da alokairu erregimenean emateko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea eta sustatzea, onuradun izan diren pertsonen egoera aldatu den aldian-aldian egiaztatzeko, eta egoera aldatu bada, horren arabera esku hartzerik izateko eskumenak gorde daitezen moduan.

Babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzerik izateko zenbait baldintza bete behar dira ezin izango luke bestela izan, besteak beste, etxebizitza-beharra izatea eta arauz ezarritako gutxieneko eta gehieneko tartean dauden diru-sarrerak izatea.

Donostiako Etxegintza erakunde publikoak eskatuta sustatutako alokairuzko babes ofizialeko etxebizitzen promozio berriek klausula hau dute: Errentamendu-kontratuaren iraupena bost urtekoa izango da. Epe hori luza daiteke, baldin eta bost urteak igaro eta gero maizterren egoera pertsonala, ekonomikoa eta etxebizitzaren beharra, hau da, etxebizitza esleitzeko arrazoia izan ziren ezaugarriak, aldatu ez badira.

Klausula horrek dioena bat dator erabat martxoaren 4ko 39/2008 dekretuak, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, gaur egun ezartzen dituen baldintzekin eta egun indarrean ez dagoen abenduaren 30eko 315/2002 dekretuak eta aurreko beste arau batzuek ezarritakoekin.

Udalak alokairuan lagatzeko zenbait etxebizitza ditu eta etxebizitza horietako askoren errentamendu-kontratuen lehenengo indarraldia amaitu da.

Are gehiago, etxe horietako batzuek babes ofizialeko etxebizitza izendapena galdu duten arren, prezio horretan errentan ematen jarraitzen du udalak.

Alabaina, ez dakigu errentamendu-kontratuak luzatzeko orduan zein prozedurari jarraitzen zaion.

Horregatik guztiagatik, alokairuan lagatako babes publikoko etxebizitzen errentamendu-kontratua, eta udalaren jabegokoak diren eta jada babes ofizialekoak ez diren baina haien prezioan alokatzen diren etxebizitzena, luzatu behar den ala ez erabaki aurretik zer-nolako egiaztapenak egiten diren jakitearren, eta, zehatzago,etxebizitza esleitzeko arrazoia izan ziren egoera pertsonala, ekonomikoa eta etxebizitza beharra dirautela nolabait frogatzen den, eta, hala bada, horrek zer emaitzak dituen ezagutzearren, aurkezten dut INTERPELAZIO hau:

1.Zergatik ari dira luzatzen isilean babes ofizialeko izendapena mantentzen duten etxebizitzen zein izendapen hori galdu duten arren udalak haien prezioetan errentan ematen jarraitzen duen etxebizitzen errentamendu-kontratuak?

2.Errentamendu-kontratua luzatu aurretik, zer-nolako izapide egiten dira maizterrak “etxebizitzaren beharra” izaten jarraitzen duela eta beste etxe bat ez duela egiaztatzeko? Zein izan da izapide horien emaitza?

3.Luzapenak eman aurretik, zer izapide egiten dira etxebizitzan erroldaturik egoteko eskakizuna betetzen den egiaztatzeko? Zein da emaitza?

4.Aipatutako errentamendu-kontratu horiek luzatu aurretik, baldintza ekonomikoak betetzen direla egiaztatzen da? Zein izan da egiaztatze horien emaitza?

Compártelo: These icons link to social bookmarking sites where readers can share and discover new web pages.
  • Digg
  • email
  • Facebook
  • Meneame
  • Print
  • TwitThis
  • Wikio ES

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *